2012-02-22

Historia errepikatu egiten da


Historia errepikatu egiten da


Betidanik gustatu zait historia ezagutzea, irakurtzea, pasadizoak aurkitzea. Orain, ezin dut gogoratu noiz hasi nintzen irakurtzen Espainiako guda zibilari buruz. Suposatzen dut institutuan izango zela. Horretaz aparte, aitaren etxean beti entzuten nituen datuak zeren aitonak gudan parte hartu zuen. Baina, txikitan ez nekien zehatz-mehatz zer esanahi zeukaten entzuten nituen pasadizoek.
Guda bat bizi izan dutenek esaten ohi dute oso krudela dela, are gehiago gogorregia dela. Segur asko inoiz ez dituzte egoera horretako ekintzak ahaztuko.
Duela bi urte, Barricada taldeak bere azken diskoa argitaratu zuenean, Larragako neskatxo baten historia ezagutu nuen. Hasieran pentsatu nuen beste egoera desatsegin bat izango zela, baina laster konturatu nintzen ez zela gainerakoak bezalakoa izango. Diskoan agertzen diren abesti guztiek guda zibilaz hitz egiten dute. Horietako batek “Maravillas” du izena. Pasa den astean, testu bat irakurri ondoren, berriro hasi nintzen neska horretaz pentsatzen. Maravillasek 14 urte zituen hil zutenean eta imajinatzen duzuenez, hil baino lehen asko sufritu zuen. Tamalez, guda bukatu zenetik 70 urte igaro dira eta orain ezagutu dugu. Baina, bestalde, zorionez, ezagutu egin dugu. Zenbat pasadizok jarraitzen dute estalita? Zergatik ez ditugu ezagutzen?
Penagarria da, baina esan daiteke, gudako zauriak, oraindik, irekita daudela. Hasieratik, Historiak esan zuen Francoren gudariek guda irabazi zutela, hau da, irabazleak zirela. Eta gainerakoak, galtzaileak. Edo beste modu batean esanda: gorriak, kabroiak, gaiztoak, gorrotatuak, ahaztuak…
Batzuk hilerrian lurperatu zituzten, eta besteak bide-ertzetan euliek, zizareek eta txakurrek jaten zituzten. Zergatik gertatu zen hori auzokideen artean?
Nondik agertu zen hainbesteko gorrotoa? Zergatik jarraitzen du gizartean XXI. mendean gorrotoaren haziak?
Ezin izango dute ahaztu eta, askotan, ezin izango dute barkatu, baina egun baten egia osoa ezagutuko balitz, eta, batez ere, esango balitz, baliteke zauriak ixtea eta, behintzat, lasaitasunez biziko lirateke.
Egia da, aldaketak luzeak eta motelak badira ere, aldatzen saiatu behar dugula, inoiz ez errepikatzeko. Baina, egia da halaber, historia errepikatzen dela, eta lasterrago edo beranduago, zerbait gertatuko dela edo asmatuko dutela guda bat sortzeko. Ez dakigu aitzakia zein izango den. Agian ura, edo olioa, erlijioa edo dirua baina, zer edo zer egingo dute historia idazten jarraitzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario