2012-02-07

Elkartasuna

Elkartasuna da nork nahi duena


Gaur egun, zerbait egin daiteke ordaindu gabe? Gauza gutxi, baina pentsatzen badugu, segur asko batzuk aurkituko ditugu. Arnasa hartzea doan da. Begietara begiratzea ere bai. Amodioa sentitzea ere doanik da, nahiz eta batzuetan garestiegi atera.
Baina badago beste gauza bat erabat doainik dena eta gainera edozein pertsonak, munduko edozein lekutan, praktikatu ahal duena: Elkartasuna. Bai, zerbait ematea hutsaren truke, ezer itxaron gabe. Hau da, eman baina ezer jaso nahi gabe.
Ohituta bagaude ere, urtero eguberrietan elkartasuna puri-purian egoten baita, urtearen gainerako zatian guztiei laguntzeko aukera asko ditugu, diruarekin nahiz janariarekin nahiz laguntzarekin.
Duela bi urte arte Nafarroa zen, Europan odol gehien ematen zuen komunitatea. Eta emaitza horiek borondatetik etortzen ziren. Batzuetan osasunagatik, beste batzuetan konpromisoagatik, baina, ematen den odolak, kasu guztietan,  bizia luzatzeko balio du. Arlo honetan, odola emateko edo eman nahi baduzu, baldintza berezi batzuk bete behar dituzu: osasuntsu egon behar duzu eta adinduna izan behar duzu. Oso erraza da. Lehen aldian analisiak egiten dizkizute dena ongi dagoela frogatzeko, baina handik aurrera lau hilabetetik lau hilabetera odola eman dezakezu. Normalean 450 mililitroak ematen dituzu, edo ateratzen dizkizute, (nahiago duzun bezala) eta egun horretan gomendatzen dute kirolik ez egitea.
Odolari esker, egunero mundu osoko ospitaleetan ebakuntza asko egiten dira. Horregatik, kontuan hartu behar dugu eta ikusi behar dugu, azken finean, onurak guretzat direla.
Nafarroako odol zentroan izena eman nuenean, transplantea eginda zeukan lagun batekin joan nintzen, berak animatu baininduen. Baten borondateari esker nire lagunari ebakuntza egin zioten beste bihotz bat jartzeko. Ebakuntza egin ez baliote, hilko zen. Nola ordaindu dezake keinu hori? Ezin du ordaindu elkartasuna erosten ez delako. Bihotza eman zion mutila, tamalez, istripu baten ondorioz hil zen, baina bere familiak, bizitzako unerik gogorrenetariko batean, erabaki zuen organoak ematea. Erabaki horrek nire lagunaren bizia salbatu zuen, eta egunero gauza bera errepikatzen da mundo osoan. Ziur nago oraintxe bertan ospital batean transplante bat egiten ari dela.
Organoak emateko azken hitza familiak eduki arren oso garrantzitsua da haiekin hitz egitea eta zure asmoa edo nahia azaltzea. Haiek baldin badakite eta maite bazaituzte, zure desioa onartuko dute.
Geroztik, odola, plasma eta organo-emailea naiz.
Hiltzen naizenean, niretzat baliogabeak izango dira eta argi esanda, gorpua zizarenentzat uztea nahikoa da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario