2012-05-24

Lotsagarria


Azken egun hauetan, bihar Madrilen jokatuko den partidari buruz asko hitz egiten ari da, baina ez futbolaz zehatz-mehatz, politikaz baizik.

Partida Espainiako hiriburuan izango denez, Vicente Calderon zelaian hain zuzen ere, komunitate horretako presidenteak, Esperanza Aguirrek, bere iritzia jendeaurrean, edo beste modu batean esanda, komunikabideen aurrean eman zuen. Ele haien bidez, Aguirre bi taldeen zaleek zer jarrera izan behar zuten agintzen saiatu zen. Txistu eta oihu egitea debekatu zien eta proposatu zuen partida ez jokatzea Espainiako eserkia jotzen zuen bitartean jendea txistu egiten hasten bazen.

Madrilen ez ezik, gainerako komunitateetan ere, ideiak inposatu nahi dituzte egunkarien eta bozgorailuen bitartez. Barre eragingo lukete, egiazkoa ez balitz.

Haiek sinatu zuten konstituzioan askeak garela eta nahi duguna esan dezakegula jartzen du. Orduan, adierazpen askatasuna existitzen bada, zertarako eta zergatik nahi duten dena kontrolatu, batez ere, dakitenean demokrazia batean ezinezkoa dela.

Nire ustez, Madrileko presidentea bere gestio penagarria saihesten saiatu zen eta futbola puri-purian dagoenez eta jende askori gustatzen zaiola ongi dakienez, iruzkin bero hura bota zuen.

Alde batetik, politika ikusmenetik at utzi zuen, eta, bestetik, partida berotu zuen. Nahita gainera.

Deklarazio hura egin zuen egun berean, Espainiako Auzitegi Nazionalak Falange alderdiari baimena eman zion manifestaldi bat egiteko partidako egunean, gobernua eguna aldatzen (ez debekatzen) saiatu arren.

Poliki-poliki ikusten badugu egungo krisi egoera, lotsagarria da komunitate bateko presidenteak kritika debekatu nahi izatea. Bistan dago zer den inportanteagoa.

Gogoratzea gustatuko litzaidake, duela ia bi hilabete Espainiako erregea herriaren diruarekin joan zela Afrikara ehizatzera. Bai, denok dakigu itzulitakoan barkamena eskatu zuela, baina, horrek ez du esan nahi ahaztuta dagoenik.

Egoera gero eta larriagoa da eta, gainera, ezin dugu kexatu ere egin. Lotsagarria!!

2012-05-21

Bidaiatzea plazer itzela da


Betidanik asko gustatu zait bidaiatzea eta lanari esker dirua irabazten hasi zinenetik, bi urtez behin, eta ahal izaten badut urtero, bidaiatzen saiatzen naiz.

Murtzian eta Extremaduran izan ezik, estatu espainiarreko gainerako komunitateetan egon naiz. Horretaz aparte, eta kontinenteari buruz hitz egiten badut, hiriburu inportanteenak ere bisitatu ditut, Paris, Berlin, Lisboa, Amsterdam, besteak beste. Londresera eta Erromara laster joatea espero dut zeren nahiko hurbil daude eta, bestalde, oso erakargarriak baitira, bai jendeagatik, bai historiagatik hurrenez hurren.

Asia, Afrika eta Ozeania ez ezagutu arren, baliteke egunen batean joatea, baina momentuz ez da nire poltsikoaren asmoa.

Hegoamerikan, ordea, bi aldiz egon naiz. Lehenengoa badira 4 urte joan nintzenetik, hau da, 2008an, izan zen. Bigarrena, pasa den udan. Biak oso politak eta sakonak izan ziren, bata Argentinako lurraldeetan, eta bestea Venezuelakoetan.

Alde batetik, kontinente berean daudenez, badirudi antzekoak izan behar direla. Baina, gaur egungo egoera eta, haien hitoria ere ezagutzen badugu, dakigu ez dela horrelakoa. Kontatuko dizuet lehenengoa nire ustez oso inportantea izan zelako. Argentinara joan nintzenean, amets bat bete nuen. Laupabost neramatzaten bidaia hura egiteko asmoz eta uztail hura Madrilen hegazkina hartu ondoren, handik 13 ordura, hiriburu argentinarrera iritsi nintzen.

Buenos Aireseko obeliskoa

Argentinari buruz irakurri nuen dena asko gustatzen zitzaidan, baina sentitu eta “dastatu” nuenean, konturatu nintzen ematen zuen baino askoz hobe zela. Buenos Aireseko giroa konparaezina iruditu zitzaidan. Iparraldeko Iguazú urjauziak munduko ikuskizunik ederrenetariko bat dira. Nolakoak diren azaltzen saiatuko banintz, alferrik izango litzateke zeren ulertzeko hantxe bertan egon behar duzue. Ez da nire asmoa inbidia ematea iruzkin horren bidez, baina pentsatzen dudana da.

Bidaia pasatu ahala, gero eta gehiago gustatzen zitzaidan herrialdea eta beran bizitzen zen jendea. Mendozako ardoak, Saltako enpanadak, Rosarioko neskak, Cordoban egin nituen parrandak ahaztu gabe, noski!!

Bidaiaren erdian herrialdeko hegoaldera joan nintzen. Valdeseko peninsulan baleak ikusi ahal nituen. Zenbat eta hegoaldeagoan egon, orduan eta hotzago egiten zuen, eta horren ondorioz Barilochera heltzear nengoenean, nenbilen autobusa portu batean matxuratuta geratu zen eta traktore batek herririk hurbilenera eraman ginduen.

Hala eta guztiz ere, bidaia perfektua izan zen.

Oraindik ere, herrialde horrekin maiteminduta jarraitzen dut.

2012-05-14

Noizbait ailegatuko da?


Pasa den asteazkenean ere ezin izan zuten lortu. Aurten bosgarren aldiz izan bada ere, lehoiek ezin izan dute lortu euskal futbolari falta zaion kopa.
Badirudi txikiok inoiz ezin dugula handientzat erreserbatuta dagoena lortu. Dena gure alde zegoela zirudien, Athleticek txapelketako partidarik txarrena jokatu zuen eta horren ondorioz, noski, Europako ateak itxi ziren, bat-batean gainera.
Europa konkistatzen saiatu zen lehenengo taldea ere Athletic izan zen. Urte hartan, 1977an hain zuzen ere, Iruretak, Rojok, Iribarrek eta, Espainiako zelaiak orrazten zituzten futbola egiazkoa zenean. Denboraldi hartan bilbotarrek Uefako finala jokatu zuten, baita kopakoa ere. Zoritxarrez, bietan huts egin zuten, Juventusen eta Betisen kontra hurrenez hurren.
Handik sei urtera, Realaren txanda ailegatu zen. Gipuzkoarrek, bi liga txapelketa jarraian irabazi ondoren (1981ekoa eta 1982koa), 1983 hartan, paper ikaragarria bete zuten kontinente zaharrean. Eskoziako Celtic eta Lisboako Sporting bide ertzean utzi zituen eta finalaurrekoan Alemaniako Hamburgo Atotxara irabazteko asmoz heldu zen, edo, behintzat, ez galtzeko. Nahiz eta ez jakin zer eta nolakoa zen estadioa bere asmoa lortu zuen. Horixe lortu zuela, berdindu egin zuen eta. Bana geratu ziren. Hurrengo astean txuri-urdinek ezin izango zuten kale egin, hau da, behartuta zeuden irabaztera.
Alemanian, Donostiako taldeak oso partida zaila jokatu zuen. Beste taldeko jokalarien kontra ez ezik, epaileen kontra borrokatu behar izan zuen. Eta hori oso zaila da, ia-ia beti, ezinezkoa da. Eta egoera hartan ere hala izan zen. Markagailua berdinduta zegoenean eta denak esaten zuenean luzapenera joango zirela, marrazainak alemaniarren bigarren gola onartu zuen jokoz kanpo zeudela. Han bukatu zen amets gipuzkoarra.
Hemezortzi urte pasatu behar izan zuten euskal talde bat berriro ere Europara ailegatu arte. Beharbada lau euskal taldeetarik txikienak pitzadura pasatu zuen eta zaratarik egin nahi gabe finalean jarri zen garai hartako Liverpoolen kontra jokatzeko. Mendizorrotzatik oso talde inportanteak pasatu ziren eta Alavesek gainditu egin zituen. Rosenborg, Inter, Rayo Vallecano eta Kaiserslautern izan ziren finalerako bidean aurkitu zituen ostopoak.
Dortmunden jokatu zen partida. Uefaren historian bilatzen badugu segur asko, final hori zoragarrienetariko bat da, onena ez esatearren. Partidak denetatik izan zituen: golak, beren taldeekin maiteminduta zegoen jendea, egozketak eta batez ere emozioa. Asko!
Luzapeneko bigarren zatiko azken minutuetan, zaleek 8 gol ikusi ondoren, eta penaltietara heltzear zeudenean, Geli kataluniarrak, urruntzen saiatu zenean, baloia buruaz bere atean sartu zuen. Alavesek ez zuen merezi, baina norbaitek galdu behar izan zuen eta gureei tokatu zitzaien.
Osasunak ere bere aukera izan zuen. 2007an gertatu zen. Aurreko denboraldian nafarrek championsera ailegatzea lortu zuten, baina Hamburgoren kontra galdu eta gero Uefara sartu ziren.
Hasiera ez zen erraza izan eta bazirudien gorritxoak etxera joango zirela. Baina, taldeak erreakzionatu zuen eta partida irabazten hasi zen. Parman bertan Iruñekoek 0-3 irabazi zuten eta Frantziara 8000 zale eraman zituzten soilik partida ikustera... asteazken batean.
Txapelketa amaitzeko zorian zegoenean Sevilla taldeak Sadarrera bidaiatu zuen finalaurrekoa jokatzera. Gau hartan estadioak butano-botila zirudien, denok taldearen aldeko geundelako. Osasunak azaldu zuen zergatik zegoen han eta partida irabazi zuen, Sevilla bizirik geratu arren. Hispaliseko partida Osasunarentzat egiazko infernua izan zen. Hasieratik nerbioz josita atera zen eta denboraren poderioz “ordaindu” zuen. Partidan aurrera egin ahala, Osasunak gero eta okerrago jokatu zuen eta ezin zuen bi golen kontra borrokatu. Epailearen azken txistuak partida bukatutzat eman zuen eta harekin batera, Nafarroa osoaren ametsa.
Bai, badakit futbola horrelakoa dela, baina historia gurekin zorretan dagoela ere egia da.

2012-05-09

Zalantzaz josita


Badakigu kezkatuta zaudetela zeren hurrengo asteetan zuen etorkizuna erabaki beharko dugu. Horrexegatik egin dugu ahalik eta gehiena zuen erabakia onena izateko. Institutuko pedagogiako departamentutik aholku batzuk eman nahi dizkizuegu datorren urtean zein ikasketeta motarekin jarraitu gomendatzeko.
Argi eduki behar duzue, ikasten duzuena gustatzen zaizuena izan behar duela. Ez du zentzurik ikasketa batzuk erabakitzeak gure lagunik onenak gauza bera erabaki duelako. Zerbait aukeratzen badugu gustatzen zaigulako izan behar du, zeren eta, batzuetan, gustatu arren, zaila izango da. Orduan, honaino ailegatuta, etorkizunari buruzko galdera egin behar diogu geure buruari: Unibertsitatera ala lanbide heziketara? Burutik kendu behar dugu lehen existitzen zen ideia unibertsitatera joaten zirenak azkarrak zirela eta besteak, alegia, kaikuak, lanbide heziketara baino ez zirela joan ahal izaten. Pentsamendu hori, lelokeria hutsa zen, baina gizartean eta gazteen artean batez ere, erabat barneratuta zegoen, eta 90eko hamarkadako erdira arte ez zen irudipen hori desagertu.
Bai unibertsitatean bai lanbide heziketan lanbide bat ikasiko duzue. Lehenengoan gutxienez lau urtetan eta bigarren kasuan bi urtetan Batxilerretik joaten bazarete egingo dituzue. Kanpotik ikusita bigarren aukerak errazago ematen du, baina lehen esan dizuegun bezala, gustatzen zaiguna aukeratu behar duzue, bestela denbora eta dirua galtzen arituko zarete.
Ezberdintasunei begiratzen badiegu esan dezakegu unibertsitatean ikasten dena ia-ia guztiz teorikoa dela eta lan postura heldu arte ez dakizula zer egin behar duzun. Bestalde, lanbide heziketan ikasiko zenuketena praktikoagoa izango litzateke, eredu horretan ere egiazko lanbidea lanpostuan ikasiko litzateke. Orduan bien artean dagoen ezberdintasuna da bata bestearen aldean praktikoagoa izango litzatekeela.
Non aukeratuko dituzue irteerarik onenak? Ongi dakizuenez, gaur egungo egoera, tamalez, ez da onena lanpostua aurkitzeko, baina bi aukera balantzaren gainean jarriko bagenitu, segur asko LHak pisu gehiago izango luke. Honekin ez dut esan nahi hobe denik, baina bai errazagoa izango litzatekeela lana aurkitzea, hemen zein atzerrian.
Gazteak, etorkizuna zuen esku duzue. Orduan, gomendatuko nizukeena da gurasoekin hitz egiteko eta denen artean aproposena aurkitzeko, merezi du eta.

2012-05-03

Gizonezko gizartean...


Berdinak gara?

Azaldu behar dugun lehenengo gauza da zer den berdintasuna falta eta existitzen den ala ez gure gizartean.
Hiztegiari begiratzen badiogu, aurkitu dezakegu “berdintasun falta”ren esanahia berditasuna ez dagoenean dela. Eta hitz hori ez da arraroa aurkitzea gure gizartean zeren ia-ia edozein arlotan desberdintasuna existitzen da. Eta “ia-ia” esaten dut politika arloan gero eta emakume gehiago presidenteak edo ministrak dagoelako, eta behintzat, oreka lortzen saiatzen ari dira.
Baina beste arlo batzuetan, hau da, lanean, etxean edo kirolean adibide garbiak dauzkagu azaltzeko gure gizartean gizonezkoaren eta emakumezkoaren arteko desberditasuna duela 20 urte gizartekoarena bezain agerikoa dela. Horrein batera, eta, ematen duenez jende guztiari kirola gustatzen zaiola, sartuko gara mundu horretan ikertzeko gizonak eta emakumeak berdinak diren.
Datorren astean futboleko lehenengo mailako txapelketa bukatuko da . Mundu guztiak badaki gizonezkoa nork irabaziko duen. Baina emakumezkoa, inork ez daki. Zergatik? Errudunenak, oro har, komunikabideak dira, eta egunkariak zehatz-mehatz zeren eta interesatzen zaien bakarra da Madrilen eta Bartzelonan gertatzen dena.
Baliteke hori futbola izateko gertatzea. Orduan, goazen beste kirol batera... adibidez eskubaloiara. Hasteko, kirol horretako soldatak futbolakoaren aldean askoz baxuagoak dira, baina horretaz gain, hemen ere eskubaloia jokatzen duten emakumeek erabat desezagunak dira eta pabeloitik kanpo emakume gainerakoak bezalakoak dira, alegia, langileak, amak, edo etxekoandreak.
Pasa den asteburuan Lizarrako emakumezko taldeak, Itxakok, laugarren txapelketa jarraian irabazten lortu zuen Elva taldearen kontra. Partida amaitu ondoren lizarratarrek pistaren erdian pankarta bat zabaldu zuten salatzeko kobratu gabe zeudela. Une horretan beste taldearen jokalariak pankartara hurbildu ziren eta bere atzetik jarri ziren haiek ere bazeudelako egoera berberan. Lau txapelketa irabazi eta gero!! Gizonezko Bartzelonako taldeak gauza bera lortu zuen duela bi urte, baina...
Berdin da futbola, tenisa, golfa edo ziklismoa izatea, berdintasuna existitzen delako. Tenisean emakumeek gizonek baino 2 set gutxiago jokatu behar dituzte. Arropari buruz hobe da ez hitz egitea. Golfean adibidez, uste dugu ez dagoela emakumerik jokatzen duenik, beti Olazabal edo García edo Woods entzun dugulako, baina badago jokalariak emakumeak direnak. Jakina!
Bukatzeko, Marca egunkarian egunero agertzen dena irakutsiko dizuet. Zurekin emakume kirol munduan:



Eta jarraituko nuke baina horrekin esan nahi dudana garbi utzi dut.

2012-05-02

Harrapatuta gaude

Harrapatuta



Gezurra ematen badu ere, produktuek gero eta gutxiago irauten dute. Berdin da autoa, mugikorra, edo garbigailua izatea, baina beti, zahartzu egiten dira. Noski, produktuak zahartzen dira baina nik esan nahi dudana da guk pentsatzen dugun baino lehen zahartzen direla.
Pasa den astean, konturatu nintzen existitzen zela “obsolescencia programada” terminoa. Zer esan nahi duen termino horrek, ba eragileek, jendeak erosten jarraitzeko, haien produktuen heriotza kalkulatzen dutela.
Terminoa agertzen zen dokumentalean azaltzen zuten Edisonek bonbilla sortu zuenean mila ordu irauten zuela eta geroago sortu zutela bonbilla bat betikoa, hau da, inoiz itzaliko ez zena. Horietako bonbilla bat, 1901ean AEBetako suiltzaile parke batean jarri zuten eta gaur egun, oraindik, argia ematen die suhiltzaileei. 111 urte geroago! Web orri baten bidez edozein momentutan nola dagoen ikus dezakegu: (http://www.centennialbulb.org/cam.htm ).
Baina, enpresariak konturatu zirenean hori ez zela emankorra izango jokoaren arauak aldatzea erabaki zuten. Handik aurrera, eragileak bonbillak egitera behartu zituzten baina 1000 ordu baino ez irauteko. Eragileek ordu gehiago jasateko egite bazuten isun handi bat, zigor moduan, jarri zieten. Eta horrela, enpresarioek onurak bermatzen zituzten.
Dokumentalaren arabera, gauza bera gertatu zen nailonezko galtzerdiekin. Egin ziren lehenengoak betiko irauteko asmoz egin ziren. Baina enpresarioek zer egingo zuten emakume guztiek galtzerdiak zituztenean? Erantzuna garbi dago. Galtzerdien materiala aldatu zuten eta horrekin batera ere, kalitatea eta denbora, lehenago apurtzeko aldatu zuten. Eta soluzioa mahaiaren gainean zegoen, emakumeak noizbehinka dendara galtzerdi bila joango lirateke.
Adibide hauek oso baliagarriak dira azaltzeko zer gertatzen ari den gure gizartean. Batez beste, bi urtetik bi urtera mugikorra aldatu behar dugu. Nahiz eta batzuetan gutizia izan, gehienetan aldatu behar dugu funtzionatzen ez dutelako.
Autoaren esparruan, egoera antzekoa da, berdina ez esateagatik. Orain dela urte batzuk egiten ziren autoek 15-20 urte bitartean, gutxienez, irauten zuten. Gaur egungoek, lehen ez bezala, auto arruntek (ez gama altukoek) oro har 10 urte irauten dute arazorik gabe. Handik aurrera, hasten dira matxurak izaten eta mekanikari gehienek gomendatzen dute ibilgailua aldatzea.
Geu gara errudunak, antza, baina kanpotik ikusten badugu, ezinezkoa da ateratzea enpresarioren negoziotik. Harrapatuta gaude eta, gainera, gutxi egin dezakegu aldatzeko.

2012-04-26

Lau eta erdietan


75 urte geroago

Gaur Gernikan egun tristea izan da. Arratsaldeko lau eta erdietan sirenek eta elizako kanpaiek hiriko isiltasuna apurtu dituztenean, herria negar egiten hasi egin da, euria izango balitz bezala, udaberriko arratsalde batean hilketa itzel hartatik baino 75 urte geroago.
Oroipenek sortzen dituzten hotzikaren artean mila galdera itzuli dira, gaur egun oraindik erantzunik gabe dauden galderak, inoiz haurrei azaldu ezin dizkiegun galderak: aita zergatik herrian, zergatik izan ziren hain krudelak?
Apirilaren 26a hura, hegazkin alemaniarrak Bizkaiaren gainean agertu zirenean besterik ez zegoen astirik estaltzeko eta otoitz egiteko dena lehen bai lehen pasatzeko. Ia bi ordu eta erdi geroago biztanleek zer aurkitu zuten ez zen ezagutzen zutena. Herria garretan zegoen eta lau etxetatik hiru erabat apurtuta zeuden. Leherketaren soinuak sutekoak eta negarrekoak ekarri zituzten. Aldi berean, hilketaren arduradunak Gasteizko putetxeetan kontzientziak itotzen saiatzen ziren.
Hurrengo egunean, aroko egunkariek esaten zuten “gorriek” edo “errepublikaren alde zeudenek” hiria erre egin zutela. Hegazkina edo bonba hitzak ez ziren agertzen orrietan.
Prentsari esker Francoren troparen izena garbi geratu zen eta Gernikatik etxeen artean kea ateratzen zen bitartean, mundu osoan zehar gezur hutsa zabaltzen hasi zen.
Hasieran hilhotzen kopurua nahiko altua izan arren, gaur egungo historialarien arabera kopuru hura ez zen izan hain altua. 1937ko zenbakiek esaten zuten 1600 lagun hil zituztela.Egun,ordea, zenbakia 250 gorpua baino ez da.
Hala ere, Gernikakoa ez da gudako bonbardaketaren bakarra Euskal Herrian. Bizkaian ere, Durangok eta Elorriok jasan behar izan zuten bonbaren izua. Durangon bertan,1937ko martxoaren 31n, 150 lagun hil ziren bonbardaketaren ondorioz.
Segur aski Picassoren margolari esker Gernikako izena mundu osoan ospetsua da zeren beraren bidez margolariak azaldu zuen nola izan zen Espainiako guda zibila, zer gertatu zen, eta nola hil zituzten pertsona inoxenteak.
Egia esanda, gaur arratsaldeko irratian entzun dut Gernikan egin duten omenaldia. Eta, isilpenetik sirenak entzun direrean begiek malkoaz bete dituzte.
75 urte geroago, oraindik ere badago jendea ez dute egun hartako hilketa onartu.