2012-05-14

Noizbait ailegatuko da?


Pasa den asteazkenean ere ezin izan zuten lortu. Aurten bosgarren aldiz izan bada ere, lehoiek ezin izan dute lortu euskal futbolari falta zaion kopa.
Badirudi txikiok inoiz ezin dugula handientzat erreserbatuta dagoena lortu. Dena gure alde zegoela zirudien, Athleticek txapelketako partidarik txarrena jokatu zuen eta horren ondorioz, noski, Europako ateak itxi ziren, bat-batean gainera.
Europa konkistatzen saiatu zen lehenengo taldea ere Athletic izan zen. Urte hartan, 1977an hain zuzen ere, Iruretak, Rojok, Iribarrek eta, Espainiako zelaiak orrazten zituzten futbola egiazkoa zenean. Denboraldi hartan bilbotarrek Uefako finala jokatu zuten, baita kopakoa ere. Zoritxarrez, bietan huts egin zuten, Juventusen eta Betisen kontra hurrenez hurren.
Handik sei urtera, Realaren txanda ailegatu zen. Gipuzkoarrek, bi liga txapelketa jarraian irabazi ondoren (1981ekoa eta 1982koa), 1983 hartan, paper ikaragarria bete zuten kontinente zaharrean. Eskoziako Celtic eta Lisboako Sporting bide ertzean utzi zituen eta finalaurrekoan Alemaniako Hamburgo Atotxara irabazteko asmoz heldu zen, edo, behintzat, ez galtzeko. Nahiz eta ez jakin zer eta nolakoa zen estadioa bere asmoa lortu zuen. Horixe lortu zuela, berdindu egin zuen eta. Bana geratu ziren. Hurrengo astean txuri-urdinek ezin izango zuten kale egin, hau da, behartuta zeuden irabaztera.
Alemanian, Donostiako taldeak oso partida zaila jokatu zuen. Beste taldeko jokalarien kontra ez ezik, epaileen kontra borrokatu behar izan zuen. Eta hori oso zaila da, ia-ia beti, ezinezkoa da. Eta egoera hartan ere hala izan zen. Markagailua berdinduta zegoenean eta denak esaten zuenean luzapenera joango zirela, marrazainak alemaniarren bigarren gola onartu zuen jokoz kanpo zeudela. Han bukatu zen amets gipuzkoarra.
Hemezortzi urte pasatu behar izan zuten euskal talde bat berriro ere Europara ailegatu arte. Beharbada lau euskal taldeetarik txikienak pitzadura pasatu zuen eta zaratarik egin nahi gabe finalean jarri zen garai hartako Liverpoolen kontra jokatzeko. Mendizorrotzatik oso talde inportanteak pasatu ziren eta Alavesek gainditu egin zituen. Rosenborg, Inter, Rayo Vallecano eta Kaiserslautern izan ziren finalerako bidean aurkitu zituen ostopoak.
Dortmunden jokatu zen partida. Uefaren historian bilatzen badugu segur asko, final hori zoragarrienetariko bat da, onena ez esatearren. Partidak denetatik izan zituen: golak, beren taldeekin maiteminduta zegoen jendea, egozketak eta batez ere emozioa. Asko!
Luzapeneko bigarren zatiko azken minutuetan, zaleek 8 gol ikusi ondoren, eta penaltietara heltzear zeudenean, Geli kataluniarrak, urruntzen saiatu zenean, baloia buruaz bere atean sartu zuen. Alavesek ez zuen merezi, baina norbaitek galdu behar izan zuen eta gureei tokatu zitzaien.
Osasunak ere bere aukera izan zuen. 2007an gertatu zen. Aurreko denboraldian nafarrek championsera ailegatzea lortu zuten, baina Hamburgoren kontra galdu eta gero Uefara sartu ziren.
Hasiera ez zen erraza izan eta bazirudien gorritxoak etxera joango zirela. Baina, taldeak erreakzionatu zuen eta partida irabazten hasi zen. Parman bertan Iruñekoek 0-3 irabazi zuten eta Frantziara 8000 zale eraman zituzten soilik partida ikustera... asteazken batean.
Txapelketa amaitzeko zorian zegoenean Sevilla taldeak Sadarrera bidaiatu zuen finalaurrekoa jokatzera. Gau hartan estadioak butano-botila zirudien, denok taldearen aldeko geundelako. Osasunak azaldu zuen zergatik zegoen han eta partida irabazi zuen, Sevilla bizirik geratu arren. Hispaliseko partida Osasunarentzat egiazko infernua izan zen. Hasieratik nerbioz josita atera zen eta denboraren poderioz “ordaindu” zuen. Partidan aurrera egin ahala, Osasunak gero eta okerrago jokatu zuen eta ezin zuen bi golen kontra borrokatu. Epailearen azken txistuak partida bukatutzat eman zuen eta harekin batera, Nafarroa osoaren ametsa.
Bai, badakit futbola horrelakoa dela, baina historia gurekin zorretan dagoela ere egia da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario